Sinkuartel

Iraila 2017
Al As Az Og Or Lr Ig
28 29 30 31 1 2 3
4 5 6 7 8 9 10
11 12 13 14 15 16 17
18 19 20 21 22 23 24
25 26 27 28 29 30 1

Kontzientzi Eragozpen Mugimenduaren, KEM/MOCen, historia laburtua

alt

Taldearen izenak berak esaten duenez, Kontzientzi Eragozpen Mugimenduaren lehen urratsak Kontzientzi Eragozpenarekin dute zerikusirik handiena. 60. hamarkadaren bukaeran, soldadutza derrigorrezkoa denean, kontzientzia-eragozpenerako eskubidea aldarrikatzeko lehen kanpaldi ezbiolentoak antolatzen dira.

 

Pepe Beunza izan zen arrazoi politikoak argudiatu zituen lehen kontzientzia-eragozlea, eta 1971.eko urtarrilean atxilotu eta kartzelaratu zuten. Elkartasun-kanpaina zabala hedatu zen Europa osoan zehar. Handik aurrera, hainbat ekimen sortzen dira kontzientzia-eragozpenerako eskubidea aitortua izan dadin, eta soldadutzaren ordezko zerbitzu zibil bat aukera bihur dadin. 1975ean soldadutza egitera joan ez ziren zenbait eragozlek hainbat zerbitzu zibiletarako proiektuak jarri zituzten martxan. Atxilotu zituzten haietako batzuk. Hala, zerbitzu zibil hura egiten zutenak biltzen hasi ziren, eta 1977ko urtarrilean Kontzientzi Eragozpen Mugimendua (KEM-MOC) eratzen da.

 

Harez geroztik, Gobernuak atzeratu egiten du soldadutza hasteko unea kontzientzia-eragozpeneko arrazoiak argudiatzen dituen ororentzat. Eragozle-taldeak sortzen hasten dira, eta insumiso deitzen diete beren buruei; KEM-MOC siglapean koordinatzen dira. Handik bi urtera, 79an, Lehen Kongresua burutzen da, eta handik ateratzen da Lehen Adierazpen Ideologikoa, gaur egungo mugimendu antimilitaristaren hasiera. Urte berean, KEM-MOC-ek Gerraren aurkako Nazioarteko Erresistentziaren taldearekin (WRI-IRG) bat egiten du.

 

1984ko abenduaren 28an onartu zuen Gobernuak kontzientzia-eragozpenaren legea (LOC). KEM-MOC-ek erabakitzen du legea ez betetzea eta hark arautzen duen Ordezko Zerbitzurik (PSS) ez egitea. 1989ko otsailaren 20ean, insumisoen lehen aurkezpen kolektiboa gertatu zen: 57 lagun Estatu osoan; horietatik 11 kartzelaratu zituzten. Gizartearen elkartasun handia lortzen da. Apirilean beste 60 insumiso aurkezten dira, eta, ekainean, 75 gehiago. 1990ean 2.450 insumisotik gora daude jada. Epaiketak hasten dira: bai soldadutza egiteari uko egin diotenei epaiketak eta bai ordezko zerbitzua egiteari uko egin diotenei ere. Zigorrak 17 eta 28 hile bitartekoak dira. Errepresioak insumisoen kopuruak gora egitea ekartzen du. Mugimenduak gizartearen erabateko elkartasuna jasotzen du, eta armadaren ospe-galtzea gero eta nabarmenagoa da. Legezko kontzientzia-eragozleen kopuruak ere gora egiten du; alegia, LOC legearekin bat egiten dutenena.

 

 

alt1991ko abenduan soldadutza erreformatzen dute, eta ordura arte jurisdikzio militarretik epaitzen ziren kasuak jurisdikzio zibilaren eskumenera igarotzen dira. Bide hori hautatzen du Gobernuak erakunde militarraren ospe-galtzea lasaitzeko. Epaiketa kopurua areagotu egiten da, eta zigorrak murriztu egiten dira. Batez besteko zigorra 14 hilabetekoa da, eta urte bete baino gutxiagoko zigorra jasotzen dutenek ez daukate zertan kartzelan sartu. ‘Guztiak ala inor ere ez’ kanpaina jartzen da martxan orduan; insumisoek behin-behineko barkatze-agiria sinatzeari uko egin, eta kartzelaratu egiten dituzte. Kartzelaratze kopuruak gora egiten du berriro ere, eta, horrekin batera, gizartearen presioak.

 

1993ko irailean, insumisio-kanpainaren arrakastaren aurrean eta haren oihartzun sozialaren aurrean, zigor-araudia aldatzen da insumisoei zuzenean hirugarren gradua automatikoki egotzi ahal izateko (espetxera ‘soilik’ lotara joateko zigorra). ‘Planto’aren estrategia da insumisoen erantzuna; alegia, hirugarren gradua apurtu eta, horren ondorioz, bigarren gradua egozten zaie (kartzela-zigorra egunez eta gauez). Bai bigarren graduan zein hirugarrenean kartzelan dauden insumisoen kopuruak gora egiten du, eta hainbat gizarte-esparruetatik elkartasun- eta autoinkulpazio-adierazpenak jasotzen dira.

 

 

1996ean, Gobernua erabat gainditzen zuen egoera baten aurrean, Kode Penal Berria sartzen da indarrean. Aldaketaren eraginez, insumisoei kartzela-zigorren ordez, 8 eta 14 hilabete bitarteko inhabilitazio-zigorrak ezartzen hasten dira. Ez bekarik, ez diru-laguntzarik; legeak ukatu egiten zuen enpresa eta administrazio publikoan lan egiteko aukera. Heriotza zibila zekarren. Hurrengo urtean, lege-aldaketaren aurreko erantzun modura, ‘Insumisioa kuarteletan’ kanpaina hasten da. Kanpainaren muina da kuartelera joatea soldadutza egitera eta, behin barruan, kuarteletik alde egitea eta aurkezpen kolektiboa egitea, desobedientziaren arrazoiak azalduz. Lege-ikuspegitik, desertzio-delitua da, eta, horrenbestez, epaiketa militarra zegokion eta haren ondoriozko gerra-kontseiluak. Halakoei 2 urte eta 4 hilabetetik 6 urtera bitarteko zigorrak zegozkien. Gatazka militar esparrura birbideratzeko eta insumisioaren izaera antimilitarista agerian uzteko modua izan zen hura.

 

 

Poliki-poliki, Indar Armatuen profesionalizatze-prozesua hasten da, baina legez onartutako kontzientzia-eragozleen kopuruak gora egiten du etengabe. 1997an 130.000 insumisotik gora daude. Hurrengo urtean, derrigorrezko soldadutzaren beheinbetiko amaiera iragartzen da. Kuarteletako insumisoei, bataz beste, 2 urte eta 4 hilabeteko zigorrak ezartzen dizkiete, eta Estatuko kartzela militar bakarrean bete behar dituzte zigorrak: Alcalá de Henares-en. Han, pisu bat alhokatzen da –insupisoa‑, hirugarren graduan daudenenetzako, eta bisitak errazteko.

 

Nuestra historia 3Legez onartutako eragozleen kopuruak gora egiten jarraitzen du. Inork ez du soldadutza egin nahi. PSSa iraganean egindako borondatezko lanekin baliozkotzen da, eta insumiso presoei indultua ematen zaie (ez, ordea, kuarteletako insumisoei). Hasi berria den armada profesionalak gorriak ikusten ditu; ez dituzte nahi beste soldadu erakartzen eta dirutza gastatzen dute publizitate-kanpainatan, arrakasta handirik gabe. Aldi berean, soldadu profesional izateko hasierako baldintzen maila aldatzen dute: emakumezkoak eta atzerritarrak hartzeko ahaleginak ere egiten dituzte.

 

 

2001eko azaroan, derrigorrezko soldadutza egingo duen azken laguna sartzen da, eta Alcalá de Henares-en dauden insumisoei ere indultua iritsiko zaiela entzuten da, baina KEM-MOC-ek aukera hori errefusatzeko adierazpenak egiten ditu. Aldiz, hurrengo urteko maiatzean, azken insumisoak askatzen dituzte. Insumisio-kanpaina bukatzen da, baina lan antimilitaristak aurrera egiten du. Izan ere, erabaki hau azaltzeko hainbat ekintza egin ziren. Bilbon, adibidez, sei aktibista sartu ziren Gobernu Militarrean ekintza ezbiolento batean, Spiderman pelikularen estreinaldiarekin bat eginez; haietako batek garita eskalatu zuen aipatu supereroiarena eginez, kaskulorea bularrean jantzita, eta fusil apurtuaren ikurra zabaldu zuen goian.

 

 

Urte gutxitan, insumisioak izan duen arrakastak desobedientzia zibileko kanpaina ezbiolentoen mundu mailako erreferente bihurtu du. Estatu Espainiarreko egoera erabat aldatu da; gazte guztiek derrigorrezko soldadutza egin beharreko egoera batetik, normalena soldadutza ez egitea den beste egoera batera igaro garela. Desobedientzia zibilaren bidez, posible da gizartearen eraldaketa.

 

altAzken urteotan, Insumisioa izan da KEM-MOCek burutu duen kanpainarik indartsuena; horrez gain, bestelako bideak lantzen gabiltza; besteak beste, bakerako heziketa, zerga-eragozpena, gastu militarraren aurkako eta gizartearen desmilitarizazioaren aldeko kanpainak… Horiez gain, nazioarteko arazoetaz ere kezkatu gara, eta, adibidez, Balkanetako edo Kolonbiako gatazketan inplikazio zuzena izan dugu. WRI-IRGrekin ere lankidetza estuan gabiltza.

 

 

2003tik aurrera, lan antimilitaristak zenbait lan-esparrutan jarraitzen du. Instalazio militarren eta armagintza-fabriken aurkako ekintzek daukate oihartzunik handiena; Estatu osoan burutzen dira halako ekintzak “Gerren aurrean, desobeditu”’ lelopean. Garrantzitsuak dira, orobat, gastu militarraren kontrako eta gastu sozialen aldeko kanpainak. Eta gerrak eta esku-hartze militarrak salatzen ditugu; izan ere, halako esku-hartze asko “humanitario” edo “bake-misio” izendatzen badira ere, armaden irudia zuritzeko balio dute, benetan interes ekonomiko eta geoestrategikoak defendatzen baitituzte. Azken urteotan, kolektibo askoz osatutako zenbait plataforma sortu dira gatazka belikoen aurrean erantzunen bat emateko: Irak, Palestina, Afganistan, Libia…

 

Antimilitariston lana aurrera doa, eta ez da etengo mundu baketsu eta justu bat eraiki bitartean, ez gastu militarrek ezta armadek tokirik izango ez duten mundu bat eraiki bitartean. Garai zaila dugu aurrean, bai aldaketa klimatikoaren ondorioengatik eta bai elikagaien krisiaren, energiaren krisiaren eta krisi ekonomikoaren ondorioengatik ere, , eta aurreikus daiteke armadek herri aberastuenen interesak defendatzeko paper nagusia jokatuko dutela. Gaur egun ez zaigu arraro egiten ‘petrolioaren gerren’ inguruan hitz egitea. Horregatik, gaur inoiz baino gehiago, armaden abolizioaren alde lan egiten jarraitzeak sekulako garrantzia du, eta gastu militarra gastu sozial bihurtu behar dela aldarrikatzen jarraituko dugu, “Bakea nahi baldin baduzu, presta ezazu bakea” aldarrikatuz.

 

 

 

 

 

 

 

Share